Dantza arte mota nagusietakoa da, musika edo literaturarekin batera. Halaber, arte eszenikoa da.
Gorputzaren mugimenduetan datza, erritmikoki edo ez, musikak lagundurik edo ez.
Bestela, dantzaria da arlo honetako artista, eta koreografia dantzak sortzeko jarduna.
BALET
Baleta dantza mota arautu bat da, Pizkunde garaian Italiako gorteetan sortua eta gerora Frantzian eta Errusian garatua. Dantzaren goi mailako forma tekniko bat da eta berezko hiztegia du. Eragin handia izan du dantza orokorrean eta balet-eskoletan irakasten da mundu osoan.
Balet-dantzaren obrak koreografiatuta egoten dira eta mimoa, antzerkia eta musika izaten dituzte.
Balet klasikoa da gehien ezagutzen den mota, batez ere bere teknika da azpimarratzekoa, hala nola, pointe jarrera, zangoen mugimenduak.
Baletaren historia
Baleta XV. mendearen amaierako Berpizkundean sortu zen Italiako gorteetan egiten ziren jaialdien ondorioz. Ikuskizun landu haiek pintura, poesia, musika eta dantza nahasten zituzten eta areto zabaletan egiten ziren. Dantza haietatik sortu zen baleta. Lehenengoetako maisu handi bat Domenico da Ferrara izan zen eta berea da gordetzen den lehenengo agiri idatzia (Dantzatzeko eta dantzak zuzentzeko artea).
Baleta Frantzian
Gorte italiarretako balet haiek Frantziara hedatu eta bertan garatuak izan ziren. Ordudanik eragin frantsesa nagusi izan zen baletean medeetan zehar.
Hasieran baleta gizonezkoek soilik dantzatzen zuten eta emakumezkoen pertsonaiak mozorroturik egiten zituzten. Lehenengo emakume dantzariak 1681ean agertu ziren eszenan, Maitasunaren garaipenak izeneko obran.
Dantza puntetan garatzen hasi zen, nahiz eta oraindik punta gogorreko zapatilak asmatu gabe egon eta dantzariak une batzuetan baino ez ziren jartzen puntetan.
Erromantizismoaren garaia
Silfideak baleta, lehenego emanaldia Parisen 1832an, balet erromantikoaren hasiera izan zen. Koreografia Filippo Taglionik eta musika Scheineitzhofferrek egin zituzten. Maria Tagionik dantzatu zuen. Izaki supernatural bat antzeztu zuen, izaki hori gizaki hilkor batek maitatu eta nahigabe suntsitu zuena. Silfideek aldaketa asko eragin zuten garai hartako baletean.
Balet erromantikoak protagonismo osoa eman zion emakumeari eta hauek gailendu ziren baletaren eszenatokietan.
XIX. mendearen lehenengo zatian bere gorenera iritsi zen balet erromantikoa. Baina, mendearen azken aldera garrantzia galtzen hasi zen Europa osoan, Errusian izan ezik. XIX. mendearen bigarren zatian oso balet aipagarri gutxi ekoiztu ziren.
Errusiaren garaia
Errusiak baletaren tradizioari eutsi zion Marius Petipa eta Mikhail Fokine koreografoen lanei esker. Petiparen lanen artean balet ezagunenak daude: Loti ederra (1890), Beltzargen aintzira (1895) eta Intxaur-hauskailua (1892), hirurak ere Liev Ivanovekin lankidetzan burutuak eta Piotr Ilitx Txaikovskiren musikarekin. Petipa erreferentzi puntu garrantzitsu bihurtu zen baletaren munduan.
Bitartean, Fokinek espresibitatearen ideia azpimarratu zuen. Balet modernoaren sortzaile eta teorialari nagusienetakoa izan zen.
Balet garaikidea
Gizonezkoaren figurari, ordura arte ahaztuta, garrantzia eman zion berriro eta horrekin batera Vaslav Nijinki bezalako izenak agertu ziren baletaren munduan.
Bestalde, Diaghilevek ez zituen konpositoreak eta koreografoak bakarrik kontratatu, baite mendebaldeko Europako artistak, pintoreak, poetak eta konpositoreak ere kontratatu zituen baletekin lan egiteko, Pablo Picasso eta Maurice Ravel kasu.
Georgi Ballanchine dantzari eta koreografo errusiarrak eta Serge Lifarrek, dantzari eta koreografo errusiar-frantsesak, ate berriak ireki zizkioten baletari eta lehenengoak Estatu Batuetako balet klasikoa berritu zituen.
Balet-konpainia hauetan parte hartu zuten artistek baletaren zabalkuntzan lagundu zuten Europan eta Ameriketan.
1920 eta 1930 urteetan Estatu Batuetan eta Alemanian dantza modernoa garatzen hasi zen.
Mugimenduaren gaitasuna gorputzaren erabilpen libreago batez zabaldu zen.
1940ko hamarkadan balet konpainia handi bi sortu ziren New Yorken: American Ballet Teathre eta New York City Ballet. XX. mendearen bigarren erdialdetik aurrera balet konpainia asko sortu zituzten Estatu Batuetan eta Kanadan.
50eko hamarkadan Errusiako konpainiek errepresentazioak egin zituzten mendebaldean lehenengo aldiz. Eragin errusiarra itzela izan da baletean eta denborarekin estilo ezberdinak sortu dira: dantza librea, balet klasikoa, balet neoklasikoa eta baita forma nahasi eta esperimentalak ere.
Baletaren errepertorioak aldaera handiak eskaintzen ditu. Balet modernoak eta klasikoak elkarrekin izaten dira, nahiz eta dantza garaikidea gailentzen ari dela esan behar.